sábado, 28 de abril de 2012

9) ERLIJIOAN IZAN ZUTEN ERAGINA


Egoera hark ekarri zituen ondorioak oso larriak izan ziren langileentzat:
-Herriak hustu egin ziren eta jendea hirietan pilatu zen.
-Hamalau ordutik gorako lanaldiak zituzten.
-Soldata lotsagarriak jasotzen zituzten, kaxkar jateko adinakoak besterik ez.
-Langileak makinen mende zeuden.
Arazo haien aurrean, langileriak zenbait jarrera hartu zituen, langileen egoera hobetzeko. Guztiek aldarrikatzen zituzten langileentzako bizi-baldintza hobeak kapitalaren eta Estatuaren aurrean. Jarrera haiek bat zetozen horretan.
Beste gizarte-mugimendu batzuek jabetza pribatua kentzea proposatzen zuten, berdintasunezko eta senidetasunezko gizartea sortzea, gizarte-harremanen eredu berria eratuz. Haien ustez, erlijioa botere ekonomikoaren asmakizun hutsa zen, langileak zapaltzeko asmakizuna.
Elizak ez zuen erreakzionatu XIX. Mendearen bigarren zatira arte. Kristau talde batzuek -Alemaniakoek eta Frantziakoek, batez ere- presioa egin zioten aita santuari, egoera dramatiko hari buruz hitz egin zezan.
1891an, Leon XIII.a aita santuak Rerum novarum entziklika plazaratu zuen; Elizak gizartearen egoerari buruz prestatuko lehen agiri ofiziala zen. Haren irakaspenak lau puntutan laburbildu daitezke:
-Langileak eskubidea du bizimodu duina izateko adinako soldata irabazteko.
-Jabetza pribatua izateko eskubidea, eginkizun soziala duela ahaztu gabe.
-Estatuak esku hartu behar du, eskubide publikoak eta pribatuak bermatzeko.
-Klase-borroka gaitzestea. Hala ere, langileek badute eskubidea, elkartuz, euren interesak babesteko.

AHULAK BABESTEA

Ekoizpena eta merkataritza oso jende gutxiren eskuetan daudenez, handiki eta aberats batzuek uztarria ezarri diote langile askori. Uztarri hori antzinako esklaboenaren oso antzekoa da. Gizabanakoaren eskubideen babesean, batez ere ahulak eta behartsuak hartu beharko dira aintzat. Aberatsek, beren burua babesteko nahikoa baliabide dutenez, ez dute babes publikoaren premia handirik; maila apalak, aldiz, inongo baliabiderik ez duenez, Estatuaren laguntza behar du.
Beraz, Estatuak soldatapeko jendea zaindu eta babestu behar du, bereziki, ez baitute inolako babesik.
                                                                                         Rerum novarum, 27

No hay comentarios:

Publicar un comentario