ARTE BARROKOA ETA ARTE MODERNOA

ARTE BARROKOA

Barrokoa XVI. mendearen amaieratik XVIII. mendearen erdialdera arte Europan eta bere eraginpeko herrialdeetan eman zen aro kulturala da. Literaturan, eskulturan, margolaritzan, arkitekturan, dantzan eta musikan eragin zuen, garai artistiko berezi bat eratuz.
Barroko hitza zentzu iraingarrian erabili izan zen, apaingarrien gehiegikeria salatzeko, Ilustrazio garaiko (XVIII. mendea) soiltasunarekin alderatuta.
      
1.  Kronologiaz, estilo artistiko orokorra da barrokoa, Berpizkundearen ondokoa. Estilo honen agerpen beteenak Italian osatu ziren XVII. mendean, eta handik, arrakasta handiagoz edo gutxiagoz, Espainiara, Frantziara, Alemaniara, Europa erdialdera eta Errusiara igaro zen. Irudimenezko, asmamenezko, oparotasunezko, kontrastezko artea da, eta eredu klasikoan nagusia den orekaren eta harmoniaren bilaketaren oso bestelakoa.
2.  Estilo hau erabili zuten artistek ordea ez zuten inoiz "barroko" izendatu; gehienek ezagutu ere ez zuten egiten hitza, eta are gutxiago gaur ematen zaion esangura. Frantzian. adibidez, "erromatar moduko" genero bat aipatu ohi zen.
3.  Denboratasuna alde batera uzten bada, alegia, garai guztietan eta sorkuntzaren genero guztietan aurkitzen den estilotzat edo ikusmoldetzat harturik, ausarta, harrigarria, kontraste handikoa edo koherentziarik gabea denari esaten zaio barrokoa. Oinarrian behintzat, sentitze moduetan eta adierazpenetan, trantsizio aldien isla da, barne zailtasunena, usadiozko balioak auzitan jartzea, sakoneko balio sarritan mingarri, beti larrien kanporatzea.

Barrokoa, Pizkunde garaia eta Neoklasizismoaren artean kokatzen da. Garai honetan hainbat kultur mugimendu iraultzaile eman ziren, zientzia berri bat sortuz, eta Erreforma Protestantea bezalako erlijio era berriei hasiera emanez.
Arte Barrokoak garrantzi handiko zeregina bete zuen garaiko gatazka erlijiosoetan. Protestanteek apaingarririk gabeko elizak eraikitzeko zuten joeraren aurrean, eliza katolikoak barrokoaren handitasun eta konplexutasunaz baliatu egin zen bere helburu liturgikoetarako. Aita Santuak Kontraerreformarekin ekin zion Martin Lutherek abiatutako erreformaren aurka. Artea, Aita Santuaren eta fedearen autoritatea goresteko erabilia izan zen. Zentzu honetan onar daiteke, barrokoa kontraerreformaren espresio estetikoa izan zela.
Monarkiak, arte honen handitasunaz baliatu ziren ere, haien aldeko propaganda tresna bezala. Garaiko burgesiak halaber, barrokoa erabili zuen.

BARROKOKO SUBGENEROAK


1) MUSIKA

1600tik 1760 arte egindako musikaren estiloa barrokotzat hartzen dute adituek oro har. Sasoi honetan, zalantza barik historia osoan musikagile handiak eta ezagunak diren Antonio Vivaldi, Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Händel ditugu.


2) MARGOLARITZA


XVII. mendean arte joera berri bat sortu zen, berriz ere, Italian. Caravaggiok errealitatea gordin azaltzeari eta argiari balio handia ematen zion joera naturalista bultzatu zuen. Hala, Errenazimentuko lerro zuzentasunaren ordez higidura eta indarra adierazten zuten irudiak hobetsi ziren. Teknikari dagokionez, oleoa nagusitu zen. Era guztietako gaiak landu ziren, erlijiozkoak gehienbat. Bestalde, Barrokoaren bukaeran sabaiak eta gangak margo-lanez apaintzen hasi ziren. Italiatik kanpora ere hedatu zen: Flandesen Rubens; Holandan Frans Hals, Jan Vermeer, Van Ruysdael eta Rembrandt.
Espainian, XVII. mendeari pinturaren urrezko mendea deitu zitzaion; Velazquez nagusitu zen.  Barrokoaren eragina Hego Ameriketara ere iritsi zen; aipatzekoa da Cuzcoko pintura eskola, Perun.
XVIII. mendean Europako artearen erdigunea Italiatik Frantziara aldatu zen. Han dotorezia eta sentsualitatea nagusitu zen. Italian ganga apainketa joriak egiten jarraitu zuten. Britainia Handian ordu arte ez bezalako margolari bikainak sortu ziren (Hogarth, Gainsborough).
 Espainian Francisco de Goya gailendu zen; haren tapizetarako kartoiak, erretratuak eta grabatuak margolaritza modernoa iragarri zuten.

3) ARKITEKTURA BARROKOA

Arkitektura barrokoa Europako arkitekturaren garai zehatz batean sortu zen arkitektura estilo bat da, barroko mugimendu orokorraren baitan. Pizkundea jarraitu zuen eta Erroman sortu zen XVII. mendean eta XVIII. mendea arte Europako estatu absolutistetan hedatu zen.
Europako hainbat herrialdeetan, hala nola, Frantzian eta Erresuma Batuan, beste estilo arrazionalistago bat sortu zen berpizkundeko arkitekturatik eratorrita, Klasizismo barrokoa.
XVIII. mendean, Frantzian sortu zen barrokotik eratorritako beste estilo berri bat, gehiegikeriaz eta erakuskeriaz betea: rokoko estiloa.


4) LITERATURA

Literaturako barrokoa beste arte moten ondorioa gertatzen da.
Barrokoari dagokiona, ezaugarri hauek ditu: kolorea eta masa lerroari nagusitzen zaizkio, eta era horretara formak iradokitzen ditu; osagaiak sakontasunean ikusten eta antolatzen dira; forma irekia da, eta tentsiorik eta simetriarik ezak forma hori erabidean dagoela adierazten du; artelanak batasuna edo konposizio sintetikoa du, askotan gai nagusi baten mendeko izateak bateratzen baititu parteak; eta argitasuna ez da dagoeneko artelanaren helburu nagusia.

Hemen ikus dezakezue bideo bat Arte Barrokoari buruz : 
       

Hemen ikus dezakezue bideo bat Arte Modernoari buruz : 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario